Eginkizuna

Gure eginkizuna Saharaz Hegoaldeko Afrikan Ahaztutako Gaixotasun Tropikalen aurka borrokatzea da, giza eskubideen ikuspegiarekin eta Osasunaren Lehen Mailako Arretaren estrategiarekin bat etorriz.

Argazkia: Ana Palacios

Zer egiten dugu?

Afrikan ahaztuta dauden gaixotasunak, inori axola ez zaizkion gaixotasunak desagerrarazteko lan egiten dugu. Baina Anesvaden osasunerako giza eskubidearekin konprometituta gaude, eta horregatik, pertsona horiek guk ditugun eskubide berberak dituztelako, gaixotasun horietako batzuek eragiten duten sufrimendua desagerrarazi nahi dugu, prebenitu eta sendatu daitezkeelako. Buruli ultzera, legenarra eta pian larruazaleko gaixotasunak dira, hainbat bakteriok sortutakoak, eta lesioen bidez ikus daitezkeenak. Prebenitu, garaiz detektatu eta sendatu egin daitezke. Horregatik modu integralean lan egiten dugu, baliabideak optimizatzeko, eragin handiagoa lortzeko. Eta Saharaz Hegoaldeko Afrikako lau herrialdetan egiten dugu hori: Boli Kosta, Ghana, Benin eta Togo.

Nola egiten dugu?

Anesvaden Osasunaren Mundu Erakundeak 2020. urterako markatu duen estrategiarekin bat gatoz, hots, hiru gaixotasun hauetarako helburu argiekin: pian desagerraraztea, legenarra ezabatzea eta Buruli ultzera kontrolatzea. Baina bakarrik ezin dute egin. Anesvaden, geuk ere ez. Horregatik gure ahalegin guztia bertan kontzentratzen dugu, bertako erakundeen, ikerketa-zentroen eta toki-gobernuen lankidetza bultzatuz. Gainera, gure proiektu guztietan genero-ikuspegia hartzen dugu, ezintasuna lantzen dugu, kulturartekotasuna, eta hori guztia Osasunerako Lehen Mailako Arretaren estrategiaren barruan, gaixorik daudenak sendatuz eta era berean gaixotasun horiek prebenitzen laguntzen duten bizitzeko ohitura osasungarriak bultzatuz. Horregatik, elikadura edota oinarrizko higienea eta saneamendua lantzen ditugu, adibidez.

Gure balioak

  • 1.

    Independentzia

    Erakunde enpresarial, politiko edo erlijiosoekin inolako mendetasun-loturarik ez duen erakundea gara, eta sortu ginenean genuen xedea betetzeko interesa besterik ez dugu gure jardunean, hau da, kalteberenak diren pertsonek duten osasunerako eskubidea gauzatzea.

  • 2.

    Erantzukizuna

    Osasunerako giza eskubidearen errespetua, babesa eta bermeari lotutako erantzukizunak dituen erakunde gisa dugun eginkizuna gure gain hartzen dugu, eta eskubide hori gauzatzeko ingurune egokia sortzeko konpromiso irmoa dakar erantzukizun horrek.

  • 3.

    Kalitatea, berrikuntza eta bikaintasunaren bilaketa

    Erantzukizun horrekin bat eginik, gure prozesuak, tresnak eta gaitasunak etengabe hobetzeko konpromisoa hartzen dugu. Pertsonetan oinarritzen den berrikuntzaren aldeko apustua egiten dugu, gure Eginkizuna betetzea ahalbidetzen duten ereduak eta ikuspegiak kontuan izanik.

  • 4.

    Lankidetzan oinarritutako harremanak

    Pertsonen, kulturen eta osasunaren ikuspegi antropologikoen errespetuan oinarritzen diren eragileen bategite-prozesuak bultzatzen ditugu, elkarrenganako konfiantza eraikitzeko prozesuak, gure esku-hartzeen eragina handitzeko eta emaitza hobeak lortzeko. Gure ekintza eragileen arteko lotura lortzera eta eragile askoren arteko elkarrizketa eta ekintzak sustatzera bideratzen dugu, betiere eskubideak dituzten pertsonak jarriz prozesu horien oinarrian.

  • 5.

    Etika, gardentasuna eta kontu-ematea

    Era berean bikaintasun-konpromisoa gure gain hartzen dugu etikari, gardentasunari eta kontu-emateari dagokionez gure gizarte-oinarriaren, lan egiten dugun eskubideen titularren eta, oro har, gizartearen aurrean. Konpromisoa hartzen dugu gai horietan zeregin aktiboa garatzeko, hala gure erakundearen barruan nola gizarte-erakundeen eta gizarte osoaren aurrean.

  • 6.

    Ikuspegi sistemikoa eta gizarte-aldaketa

    Gure lanak ez du aurre egiten diegun arazoen azaleko ikuspegia, ikuspegi sistemikoa baitu, eta osasunerako eskubidea ez gauzatzearen azpian dauden kausen multzoa aztertzen du. Ikuspegi horrekin, eta giza eskubideen printzipioak oinarritzat hartuz, gizartearen eraldakuntza eta aldaketa ditugu helburu, bere dimentsio guztiak kontuan izanik.